Hitzarmenean jasotako konpromisoetako bat beteaz, HARIXAko 25 enpresak euren enpresako hizkuntza diagnosia egin dute, hurrengo urratsak egiteko abiapuntua izango dena.
Guztira 38 enpresa dira HARIXAko partaide eta horietatik 25 enpresak euskararen erabilera zenbatekoa den ezagutzeko ariketa egin zuten otsailean. Diagnosi horretatik kanpo geratu dira beste entitateak hainbat arrazoigatik: lehendik diagnosiak eta planak eginak dituztelako, Bikain ziurtagirira aurkeztu izan direlako, euskara normalizatzeko beste ekimen batzuetan partaide direlako edo izatez euskara sustatzea bera helburu nagusitzat dutelako…
Neurketa egin ondoren erakunde bakoitzak bere hobetzekoak eta ondo egin dituenak jaso ditu plangintza xume bat abian jartzeko eta Harixak eskatzen duen lehen konpromisoa bete dute horrela.
Hortik aurrera, Harixak honakoak sustatu nahi ditu:
- Administrazio publikoarekiko harremanak euskaraz sustatzea
- Finantza-entitateekin euskararen erabilera sustatzea
- Bergarako bestelako zerbitzuekin ere euskara sustatzea: aholkularitza etxeak eta bestelakoak.
Datozen hilabeteetan euskararen erabilera neurtu duten enpresa horiei laguntza emango zaie aurrera begirako urratsak egiteko. Bergarako Udala arituko da horretan Emun aholkularitzaren laguntza teknikoarekin eta Bergarako enpresa eta euskara eragileez osatutako lan mahaiak ematen dion babesarekin.
Harixako kideen eskura hainbat baliabide jarriko dira, besteak beste:
- Berriketan ekimena, enpresetako kideek ahozko mintzamena lantzeko
- Euskarazko prestakuntza gaur egun interesgarriak izan daitezkeen gaietan: adimen artifiziala, berdintasuna…
- Euskara enpresan modu egokian kudeatzeko baliabideak edota euskaraz bizi nahi duen edonork eskura izateko beharrezko tresnen ezagutza
Bagoaz bada aurrera!