Bergarako Harixa egitasmoak bere urteko batzarra ospatu du ostegun honetan, 11:30ean hasita, Bergarako Miguel Altuna ikastetxeko areto nagusian. Topaketaren helburua izan da Harixa osatzen duten 42 enpresa eta erakundeak biltzea, 2025ean egindako lanaren balorazioa egiteko eta 2026rako lan-ildo estrategikoak elkarrekin zehazteko.

2025. urtean, enpresa bakoitzera egindako bisitez gain, honako gaiak jorratu dira: hizkuntza-teknologiak, langile berrien harrera eta webguneak euskaraz jartzeko aukerak. Formakuntza saioak antolatzeaz gain, aurten bi eskuorri deiseinatu dira enpresen eskura jartzeko: bata, enpresen eguneroko jardunean erabiltzeko hizkuntza-teknologiei buruzkoa; bestea, langile berriei banatzeko harrera-eskuliburua. Horretaz gain, Harixako kide diren enpresen arteko harremanei buruzko diagnostikoa egin eta batzarrean aurkeztu da.

Batzarrean, gainera, azken urteotan Harixako enpresetan garatutako praktika onak ezagutzeko aukera egon da, antolatutako mahai inguruaren bidez. Bertan, Royde, Lascar eta Comercial Urcelay enpresek euren esperientziak eta praktika onak partekatu, eta euskararen presentzia sendotzeko ideiak trukatu dituzte. Horrez gain, datorren urterako lan-ildoak zehaztu eta lehentasunak ezarri dira, bai enpresen barrurako bai kanpora begirako ekintzak landuz.
Saioari amaiera Bea Egizabal umoristaren emanaldiarekin eman zaio, giro atsegina sortuz. Ondoren, bertaratutako guztiek luntx batean parte hartu dute, harremanak estutzeko eta elkarlana indartzeko aukera eskainiz.

 

 

 

 

 

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu erabiltzaile esperientziarik onena izan dezazun. Nabigatzen jarraitzen baduzu, baimena ematen ari zara cookie horiek onartzeko eta gure cookie politika, sakatu esteka informazio gehiagorako.

ACEPTAR
Aviso de cookies