Laster da abian Makina Erremintaren Nazioarteko Bienala, BIEMH. Aurtengo edizioa, teknologia, soluzio eta berrikuntza arloko edizio dinamiko eta anbiziotsuena izatea espero da. Guztira 1400 erakusketaritik gora parte hartuko dute eta 3.000 produktutik gora erakutsiko dira azokan. Bertan parte hartuko du HARIXAko kide den Tecnosystem enpresak eta haiengana jo dugu bertan jarriko duten standera zer nolako produktuak erakutsiko dituzten ezagutzera.

Ainhoa AgirrebeñaTecnosystem enpresako komertzial eta marketin arloko kidearekin hitz egin dugu.

Ainhoa Agirrebeña:

“BIEMH nazioarteko azoka da eta euskara gutxi entzun arren, gure standean euskara ere presente dago”

Gogotsu zaudete aurtengo BIEMHerako? Zer eskaintzen dizue bertan parte hartzeak?

Bai, lanpetuta baina gogotsu! Ezinbesteko zita bat da bi urtean behin. Batez ere gure bezeroekin harreman zuzena edukitzea, baita hornitzaileekin ere. Guretzat Biurtekoa elkargune bat da elkar ikusteko. Harreman soziala oso garrantzitsua da.

Nolakoa izaten da han egun bat? Zer egiten duzue?

Normalean gure standean egoten gara. Batzuetan aurrez hitzordua hartzen dute bezeroek edo bezero ez direnekin ere egoten gara, gure produktuari buruz interesa erakusten dutenekin. Enpresa komertziala gara eta produktu/zerbitzu desberdinak saltzen ditugu. Informazioa banatu, azalpenak eman eta jendea artatzea izaten da gure lana. Eskoletako eta batez ere Lanbide Heziketako ikasleak ere joaten dira. Jakinmin handia izaten dute eta galdera asko izaten dituzte.

Zein produktu eramango duzue aurten azokara? Berrikuntzarik?

Geure eskaintzaren erakusleihoa da. Produktu guztiak ezin bertan eduki baina informazioa izaten dugu eskura, katalogoak, etb. Berrikuntzei dagokionez badira bi aipagarriak: Haridun elektrohigadura bidez piezak mekanizatzeko prozesuan piezaren azalerako kutsadura saihesteko garapena. Medikuntzarako eta aeronautikarako garapen berezia da hau. Olioei dagokionez, berriz, forjaketarako lubrifikatzaileak dira berritasuna. Bestalde, etengabe ateratzen dira formulazio berriak. Gizakiongan eta ingurumenean izan ditzaketen kalteak murriztea da helburua.

Euskararik entzuten eta ikusten al da BIEMHean? Saltzeko baliagarria al da euskara azokan?

Estatu mailan saltzen dugu eta bezero asko dauzkagu EAEn. Bezeroak eskertzen du euskaraz egiteko aukera ematea, eta guk ere bai. Hala ere BIEMH Nazioarteko azoka bat da eta ahoz gutxi entzuten da euskara kanpoko jende asko etortzen da eta. Standa aldatuta daukagu eta euskaraz ere jarrita daukagu, aldaketa hori egin genuen duela bi urteko edizioan.

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu erabiltzaile esperientziarik onena izan dezazun. Nabigatzen jarraitzen baduzu, baimena ematen ari zara cookie horiek onartzeko eta gure cookie politika, sakatu esteka informazio gehiagorako.

ACEPTAR
Aviso de cookies